1952an jaio zen Legazpin. Donostiako Goi mailako Kontserbatorioan burutu zituen bere Kantuko Erdi Mailako Ikasketak, hobekuntza ikasketetan parte hartuz Helmut Lipsekin (Lleidan - Katalunia).
Abesbatzen zuzendari bezala, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatutako Ikastaroetan eta Lleidako Pedagogia Ikastaroetan trebatu da.
Legazpiko Santikutz eta Zumarraga-Urretxuko Goiargi Abesbatzak eta Legazpiko Musika Eskolako Haur Abesbatza zuzendu ditu. Azken honekin Tolosako Haur Lehiaketan lehendabiziko saria lortu zuen 1988an eta Ejea de los Caballeros (Aragoi - Espainia) eta Avileseko (Asturias - Espainia) lehiaketetan lehendabiziko sariak, urte berean, Goaiargirekin.
Antzinako musika jorratzen duten Conductus Ensemble eta Madrileko Antiphonarium taldeetako partaidea da. Baita gaur egungo musika lantzen duen Kea Ahots Taldea taldeko partaide ere. Horrez gain, inguruko talde onenetan abestu izan du. Esate baterako Donostiako Orfeoian, Oreretako Andra Mari Abesbatzan, Eskifaia, Hondore, Oroith, Odeiertz, Iruñeko Ganbara Abesbatzetan eta abar.
2010. urtetik aurrera, Ezkio-Itsasoko abesbatzen zuzendaria da.
Musika sormenari dagokionez, Urretxu-Zumarragako herrietan egiten diren Txistularien alardeetarako hainbat moldaketak prestatu ditu azkeneko 10 urte hauetan. Bere lanetako batzuk, webgune honetan ikus daitezke.