1.- Ez nau izutzen negu hurbilak
uda betezko beroan
dakidalako irauten duela
orainak ere geroan
nolabaitezko kate geldian
unez uneko lerroan
guztia present bihurtu arte
nor izanaren erroan.
2.- Ez nau beldurtzen egun sentian
arnas zuridun izotzak
nun dirudien bizirik gabe
natura zabal hilotzak
eguzki eder joan guztien
argia baitu bihotzak
eta begien milla ernegai
iraganaren oroitzak
3.- Ez nau larritzen azken orduan
arnasa galdu beharrak
bide xumea hesituarren
amildegiaren larrak
ardo berriak onduko ditu
mahastietan aihen zarrak
gure oraina arrazoiturik
beste batzuren biarrak.
4.- Ez nau illuntzen baratzatikan
azken loreak biltzeak
muga guztien arrazoi billa
arnas gabe ibiltzeak
arratsaldeko argi betera
zentzu denak umiltzeak
amets beteko loa baitakar
behin betirako hiltzeak.