Gure Euskera eder maitea
galtzen gaur degu ikusten,
euskaldun onak harritzeko da
nola ez diran lotsatzen!
Larramendi-rik, Astarloa-rik
ez da gehiago aipatzen...
Ez da hutsegin haundiagorik
ondo badegu pentsatzen.
Galdu dirade ohitura onak,
galdua degu Euskera...
hola bagaude ehun urte barru
galdu da gure izena!
Erro, Aizkibel ziran bezala
erakusterik gaur ez da.
Gure Euskera... ai! galtzen bada
gu... euskaldunak ez gera!
Nola isildu eta barkatu?
Etorkizunen kondairak
arrazoiakin esango digu:
nun dira zuen ohiturak?
Damu dute bai... gaur euskaldunak
lotsa pixka bat dutenak,
aspaldi esan duten bezela
gizonik jakintsuenak.
Dala Parisen eta Londresen
jakintsu asko badira;
euskerazko liburu zaharren
ondoren ibiltzen dira...
Or da Luziano, printze ernaia,
orain guretar deguna,
euskerazale bikain bikaina,
jakintsuetan haundi dena.
Arren, ez bada galdu euskera,
nere anaia maiteak!
Galtzen badegu... galduak gera
gu eta gure semeak.
Beti euskaraz hitz egin, bada,
oro zahar eta gazteak,
esan ez dedin denok gerala
euskaldun bihotzgabeak.